XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hizkuntz Politikakoek hitz egin dute jada Eusko Jaurlaritzarekin, eta hasierako asmoa Nafarroako euskalkien grabazio guztiak ondo gordetzea bada ere, aurrerantzean euskal fonoteka egiteari eutsi nahiko liokete antolatzaileek.

Bitxia da ahotsak gordetzearena.

Deustuko Unibertsitateak ere atera du Euskararen doinuak izeneko CD-ROMa, euskalki guztietako hiztunen irakurketaldiekin.

Ez dakit zergatik, grabazio hauek gogorarazten didate Leninen momiarena: ilara luzeak hildakoaren aurpegia ikusteko.

Imajinatzen ditut Interneten bidez beste garaietako ahots hauek entzungo dituztenen aurpegi aztoratuak, jin niz edo fan gaa, edo ontsa zirea? aditzean, batua nagusi izango denean.

Begira ze bitxikeria topatu dudan ordenagailuan! esango diote elkarri internautek.

Berriak gogorarazi dit ere nonbait egon beharko luketela Kandido Izagirre frantziskotarrak gure aminari eta izekori grabatutako zintek.

Onartu behar da fraide hauen eramana benetan idien parekoa izan zela askotan.

Osabari entzuna diot behin baino gehiagotan kontatzen nola elkartzen ziren bi andreak, dotore-dotore prestatuta, frantziskotarrarekin zuten hitzorduaren zain, eta hasierako egunetan urduri samar eta guzti zeudela euren kontuak grabatu behar zizkienaren aurrean.

Berak lagundu ziela lehen egunean harremana egiten, eta gero utzi zituela lauak amina, izeko, apaiza eta grabagailua, solasean lasai etxeko egongelan.

Frantziskotarrak denetarik galdetzen zien hasieran, eta Concepcion eta Juanita animatu zirenean, mar-mar etengabe, han ez zen galdera gehiagorik izan.

Osabak behin baino gehiagotan ikusi zuen apaiza lo seko, grabagailuaren zinta bukatuta, bi ahizpak iji eta aja kontu kontari honetaz eta hartaz etengabe, kupidagabe.

Ez dut inoiz entzun grabazioa, baina gure herrian jada galdu den mintzoaren lekukoak izanda, askotan errepasatu dut aspaldian eskuratu ahal izan nuen grabazioen transkribapena, ozenki, sikiera motots urdineko bi emakume haien doinua gogoratzeko.